Esperientzia luzeko multi-instumentista ingelesa, azken 30
urteotan hainbat talde eta egitasmotan jotzen eta kolaboratzen
ibilitakoa. Bertzeak bertze Fred Frith eta Bill Laswell-ekin
Massacre
taldeko kide izan zen, Camberwell
Now taldea ere sortu zuen, baina zalantzarik gabe esperientzia
guzti hauen artean 70. hamarkada bukaeran sortutako This
Heat taldea da azpimarragarriena. Charles Bullen eta Gareth
Williams-ekin batera antolatutako talde hau 70eko bukaera
eta 80ko hasierako rock talde ingeles pertsonal, berezi eta
zoritxarrez baztertuenetakoa izan zen. Gaur egun ordea belaunaldi
berriek maiz erreibindikatzen duten diskografia bikaina sortzeko
gai izan zen taldea. Orain, Charles Hayward-ek (This heat
taldeko baterijole eta abeslari izandakoak) bakarlari moduan
zuzeneko emanaldi ikusgarri, bizi eta erritmikoak egiten ditu,
bere aitzineko egitasmoen indarra gogoratzen dutenak eta zalantzarik
gabe bat baino gehiago mugitzera bultzatuko dutenak.
Nahiz eta ospetsu hitza musika talde bat deskribatzeko erabiltzea
harro xamarra gertatu daiteken, badira, bertzelako adjetibo
egokiagorik aurkitu ezinean, horrelako deskribapenak erabiltzea
zilegi diren kasuak, eta zalantzarik gabe AMM-rena horietako
bat da. 40(!) urte baino gehiagoko aktibitate geldiezinak,
dozenaka diskek, ehundaka kontzertuk eta nagusiki inprobisazio
askearen munduan egindako ibilbide pertsonalak hala baieztatzen
dute.
AMM 1965ean sortu zen hirukote modura, Eddie Prévost,
Keith Rowe eta Lou Gare kide izanik, helmuga jakinik gabeko
baina norabide zuzeneko musika bidai berezi bat abiatzeko
helburuarekin. Free jazz-etik abiatuta, edo hobe jazz musikaren
mugak gainditzea helburu izanik, forma musikal berri eta iraultzaileen
bilaketan talde aldakor hau musikari belaunaldi desberdinen
eta hainbat aldaketa sozial, politiko eta kulturalean testigu
izan da, beti ere jarrera erostezin bat erakutsiz. Denbora
guzti honetan jatorrizko partaideez gain, AMM-n maila haundiko
musikari mordo batek hartu du parte, halanola, Lawrence Sheaff,
Cornelius Cardew, Christopher Hobbs, Christian Wolff, Rohan
de Saram, Ian Mitchell eta John Tilbury. Hain zuzen 1980 urtetik
aitzinera AMM hirukote modura hasi zen lanean, Tilbury bera,
Prévost eta Rowe-rekin, 2004ean azken honek taldea
utzi zuen bitarte.
AMM inprobisazio askearen historia bizia da.
Miguel Angel García, edo XEDH ezizenaren azpian gordetzen
den artista, gaur egun euskal lurraldean egiten den musika,
deitu esperimental, elektroniko edo arriskuzalearen, erakusle
nagusi eta garrantzitsuenetako bat da. Dagoeneko desagertu
diren Valvula Antirretorno edo Baba Llaga bezalako egitasmoetan
parte hartu ondotik, musika-bide iraunkor, bizi (bai soinuari
nahiz produkzioari dagokionez) eta zorrotza hasi zuen, gaur
bitarte. Hasieran landutako dark ambient-aren hurbileko sonoritateetatik,
azken lanetaraino, dagoeneko ezizenik gabe, Bilbon bizi den
gasteiztar honek musika konposizio elektronikoak sortzeko
duen abilezia erakutsi du. Bere lanak hain berezko duen tonu
iluna mantentzen duten konposizioak dira, entzunaldi sakon
eta indartsuak iradokitzen dituztenak.
Azken hilabeteotan LARRASKITO netlabela zuzentzen du, lurraldeotan
egiten diren musika esperimentalak ezagutzeko nahitaezko egitura
digitala.
Jean-Luc Guionnet (Frantzia, 1966) saxofonista eta konposatzailea
izaera eta jatorri aski desberdineko musikarirekin lan egiten
esperientzia luzea duen artista da. Zerrenda luze honetan
gure jaialdiko zenbait ezagun topa dezakegu, halanola, Toshimaru
Nakamura, mattin edo Eric La Casa, baina baita bertzelako
musikariak ere: Edward Perraud, Eric Cordier, Mattin, Taku
Unami, Dan Warburton, Olivier Benoit edo Seijiro Murayama
adibidez; Afflux (La Casa eta Cordier lagun izanik) bezalako
egitasmo interesgarriak ahantzi gabe. Bere bakarkako lanak,
musika konkretuaren, elektronikaren eta instalazioaren artekoak,
espazioaren soinua eta soinu paisaia bezalako gaien inguruko
ikerketa zabala suposatzen du.
Aurtengo ERTZ jaialdian Guionnet-ek zenbait emanaldi desberdin
eskainiko ditu: Beran elizako organoarekin kontzertua eginen
du eta Artelekun berriz saxofoiarekin bakarkako saioa.
STEPHANE GARIN: zuzeneko soinua
SYLVESTRE GOBART: filmea
Gurs. Drancy. Gare de Bobigny. Auschwitz. Birkenau.
Chelmo-Kulmhof. Majdaneck. Sobibor. Treblinka.
Polonia eta frantziako bigarren mundu gerrako deportazio eta
erahilketa lekuetan egindako argazki eta soinu grabaketekin
osatutako ikusentzunezko lana.
"Ekimen artistiko honek gure memoria kolektiboa baldintzatzen
duen ikonografiarekin hautsi nahi du. Hemen, garrantzizkoena
memoria hori moldatzeko eta berrikusteko saiakera da. Garai
bateko tragediek gurekiko mantentzen duten distantziek, memoriaren
erritualizaziorako edo monumentalizaziorako arriskua haunditzen
dute, eta horregatik artearen bidez, suntsipenaren ikusizko
memoria hori elikatzeko beharra dugu".
Iraupena: 48 min.
Ezizen berezi honenpean jakinminez betetako bi musikari ipurtarin
topa ditzazkegu. Bai Maitane Sebastián zinema aktoresa
eta musikari apartak nahiz Stéphane Garin multi-instrumentista
geldiezinak hainbat egitasmotan hartu dute parte elkarrekin,
halanola, Le Garazi Philantropik(e) orkestra edo aurtengo
ERTZ jaialdian ere parte hartuko duen "0" laukotean.
Zentzu hortan Ennio como Violeta abentura berri baten hasiera
da, oraindik haurtzaroan beharbada (honako lehen kontzertuetakoa
da) baina esperientzia luzeak ematen duen ziurtasunarekin.
Bikoteak, zinema musikatik, jazz musikatik edo jostailuekin
egindako musikatik edaten du modu berean, nahasketa iradokitzaile,
goxo eta gustagarri bat eskainiz.
Aurtengo ERTZ jaialdian Stéphane Garin-ek bakarka
emanaldia eskainiko du irailaren 13an.
Maitane Sebastian eta Stéphane Garin-ek ENNIO COMO
VIOLETA bezala irailaren 14ean egingo dute emanaldia eta irailaren
16tik 18ra biek, oraingoan "0" izenpean eta Sylvain
Chaveau eta Joël Merah-rekin tailerra eskainiko dute
Donostiako Artelekun.
Iban Urizar (Cafe Teatro, Mengele Quartet,...) eta Mikel Etxegaraik(Gutariko
Bat, Voodo muzak, ...) osatzen dute bizarra. Inprobisazioak
izugarrizko garrantzia du beraien musika sortzerako orduan.
Free Jazz, inprobisazio askea edo elektronika esperimentala
izanik ere, bateria eta trompeta erabiliaz elektronikaren
abantailak aprobetxatzen dituzte beraien musika haratago eramateko.
Soinu bortitz eta eroak, film beltzenaren notak emeki joaz,
aspaldiko orroak entzunaz, soinuaren materia espazioak birsortzeko
aprobetxatuz. Jazza askea denean edo elektronikaren bitartez
paisaiak marraztu nahi direnean bezala.
Bizarra, Bzz....rrrrrr....Bzzzzzz...........rrrrrrrrrrrrrrrr.
ERTZ jaialdiaren 2006ko edizioan parte hartu ondotik, BIZARRA,
geroztik egindako kontzertu eta grabaketa sailak eman dien
esperientziarekin, ezohiko proposamen batekin bueltatzen dira,
oraingoan formatu guztiz akustikoan.
SONAR CIUDADES Xabier Iriondo, EUSKAL HERRIA 2007, 55 min.
Xabier Iriondo zuzendari gipuzkoarraren estreineko lan luzea
den honek, Llorenç Barber konposatzaile valentziarrak
jaialdi honetan bertan, 2006an eskaini zuen kontzertuaren
prestaketa eta interpretazioa erretratatzen ditu. Zinez, bai
entzule nahiz musikari moduan emanaldi hartan parte hartu
genuenon oroitzapenean oraindik bizirik dagoen ezkil edo kanpai
kontzertua da. Oraingoan, Iriondon objetiboak jasotako ikuspegia
ezagutzeko modua eskainiko digu zine proiekzio modura.
Gaurdaino Barber-ek hirientzako 150 kontzertu baino gehiago
konposatu ditu, Espainia, Mexiko, Portugal, Kolombia, Ekuador,
Alemania, Italia, Holanda, Austria, Ingalaterra, Kuba edo
Frantzia bezalako herrialdetan.
"0" (zero) laukotea (orain gutxi arte "0 ensemble")
nazioarteko musika esperimentalaren panoramako talde aipagarrienetako
bat da. 2004az geroztik, Baiona eta Brusela artean kokatzen
den egitasmo honek, hanka bat konposizioan eta bertzea inprobisazioan
jarrita, samurtasuna eta sutilezia ezaugarritzat dituzten
emaitza iradokitzaile eta erakargarriak erakutsi ditu. Horren
adibide dira laukoteak, John Cage, Morton Feldman, Taku Sugimoto
edo Erik Satie bezalako konposatzaileen obren interpretazioak,
edo gaurdaino argitaratu dituzten lanak. “O”-ko
kideek Ensemble Intercontemporain (Pierre Boulez -ek zuzendua)
edo Tokyo Philharmonic Orchestra bezalako egitasmo garrantzitsutan
hartu dute parte, eta Christian Fennesz, Bernhard Gunter,
Phil Durrant, Nomos, Mauricio Kagel, Nikos Veliotis, Pascal
Comelade edo Georges Aperghis bezalako musikariekin jo izan
dute. Hainbat lan argitaratu dituzte FatCat, Ant-Zen, Type,
Creative Sources, Amanita, DSA edo Ameson bezalako disketxetan
eta Europa, Amerika nahiz Asian egin dituzte birak.
Mintegia:
Laukote honek eskainiko duen lantegi-tailer teoriko-praktikoa
Joël Merah-k konposatu eta ensembleak izen bereko diskan
argitaratutako "Music of Wheel" (Creative Sources,
2007) lanean oinarrituko da. Partehartzaileek konposizioaren
atzean dauden ideiak ezagutuko dituzte, eta "0"ko
partaideekin batera lana interpretatu ahal izango dute. Lantegian
parte hartzeko partaide bakoitzak bere musika-tresna (berdin
analogikoa, elektrikoa edo elektronikoa) ekarri beharko du
eta lantegiaren amaieran egingo den emanaldi publikoan parte
hartuko du. Forma musikal berriak edo taldean lan egiteko
estrategia berriak ezagutzeko jakinmina duten musikari, konposatzaile
eta soinu-artistei zuzendua.
Izen-ematea:
Dohain. Izena emateko bidali 2008ko irailaren 12ko 14:00-ak
baino lehen hortarako orria (ikus www.arteleku,net), kurrikulum-a
eta partea hartzeko arrazoien azalpena. partaideen aukeraketa
tailerreko arduradunek egingo dute eta irailaren 12an bertan
jakinaraziko zaie parte hartzaileei.
Informazio gehiagorako eta izena emateko ikus www.arteleku.net
webgunea.
SUBSONICS musika esperimentalari buruzko dokumentari sailaren
izena da, australiar telebistak ekoitzia eta Oren Ambarchi
musikariak eta Brendan eta Allison Walls produktoreek zuzendua.
Telesail honek 50eko hamarkadako abangoardietatik egungo musikari
esperimentalen belaunaldirainoko ibilbidea marrazten du, 60
hamarkadako elektronika analogikoaren esperimentuak, edo inprobisazio
askearen ordezkariak ahantzi gabe. Behin ere DVDan argitaratu
ez den eta kontsultatzeko zaila den telesaila izanik honakoa
ezohiko lan hau ezagutzeko aukera paregabea da.
1. ATALA
Mulatta records, Thai Elephant Orchestra, Ukawa Naohiro, Sue
Harding, Masonna, Sun Ra.
2. ATALA
Ai Yamamoto, Fahalim Ooshcasky, Scott Horscroft, Reynols,
Faust.
3. ATALA
Voicecrack, Jim Denley, Harry Partch.
4. ATALA
Sachiko M, Toshimaru Nakamura, Martha Colburn, Curse ov Dialect,
Keith Rowe.
5. ATALA
Joyce Hinterding, Greg Kingston, GCTTCATT, Phill Niblock.
6. ATALA
Otomo Yoshihide, Leif Elggren, Francisco Lopez, Fuckhead.
Batzuek funk egiten dutela diote, besteek musika tropikala,
batzuek punk eta batenbatek tex-mex(!), baina Gora Japon bikoteak
oinarrian rock musika egiten du. Mirian (ahotsa eta perkusioak)
eta Jon (gitarra eta ahotsa) 2005ean hasi ziren elkarrekin
musika egiten eta geroztik ez dute denborarik galdu: Eugene
Chadbourne (M.E.M jaialdian, 2005) edo Maite Arroitajauregi
izan dituzte lagun, hainbat jaialditan jo dute eta diska bat
grabatu. Erritmo kutsakorrak, nerbio oso berezikoak, tronpeta
galduak, gitarra errepikakorrak eta ahotsak nahasten dira
beraien kantuetan, denak bata bertzearen erritmora dantzan.
Norbaitek oraindik rock musika frexkoa izan daitekela sinetsiarazi
nahi badizu, hau da egi horren proba argiena beharbada.
Oier Etxeberria azpeitiarrak euskal sonorismoaren adn-a berreskuratzen
du, sampling-a eta zarata erabiliz, nahasiz, xehatuz, saiakeran
saiatuz. Hainbat urtez Akauzazte taldean gitarra jo ondotik,
Etxeberriak euskal kantutegiaren inguruko (kantutegia zentzu
zabalenean ulertuta) ikerketa prozesu interesgarria abiatu
du, momentuz "Ondamendia-C14" edo "Avenida
del cantábrico" bezalako argitalpenetan edo "Alde
Zarra! (gure musika)" edo "Kontzertu ekonomikoa"
bezalako erakusketetan islatu dena.
2002. urtean lehen aldiz hartu zuen parte ERTZ jaialdian bere
jostailuen erakusketa batekin, 2006an zuzeneko emanaldi gogoangarri
bat eskaini zuen eta 2008ko edizio honetan Iparraldean ospatuko
den saioan parte hartuko du, oraingoan ere zuzenean eta Arra
(akauzazte) baterian lagun duelarik.
1999an desagertzeko zorian egon ondotik, Frantziako Pau hiriko
talde honek 2005eko udan bizi berri bati ekin zion, laukote
modura. Post-hardcore indartsu, ilun eta gogoz antikonformista
baten bidez, estetika oldarkorreko musika entzutera gonbidatzen
gaitu Kourgane-k.
Berdin ingelesez, frantseseraz edo gazteleraz abesten dute,
hizkuntzei baino, hauen erabileraren bidez bideratzen duten
indarrari garrantzia emanez. Gitarra biziak, bateria kolpe-segida
intentso eta aizkolari eroen oihuak gogoratzen dituzten ahotsak
batuz, poesiaren eta harakinaren kolpeen arteko nahasketa
leherkaria sortzen du laukote honek.